Kategorien artxiboak: Baserri-paisaien balioak

Baserri-paisaia atlantikoen proiektuko argitalpenen arrakasta

Baserri-paisaia-atlantikoen-proiektuko-argitalpenen-arrakasta

Irunaga baserriko gaina, Bedaio. Egilea: Iker Karrera

Baserri-paisaia atlantikoen proiektuko argitalpenen arrakasta nabarmena izan da. Izan ere, PAISAIAren webgunean proiektu horri buruzko dokumentazioa jaisteko moduan jarri genuenetik hilabete gutxi pasa badira ere, orain arte 2 262 aldiz jaitsi dira guztira dokumentuak. Kontuan izan behar da dokumentu horiek proiektua sustatu zuten bederatzi Landa Garapen Elkarteen webguneetan daudela eskuragarri ere, baita PAISAIAren Issuu eta Scribd kontuetan ere.

Paisaiari buruzko kontuak publiko zabalaren interesekoak direla frogatzen du horrek, are gehiago, dokumentu gehienak euskaraz soilik eskuragarri daudela gogoan izanda.

PAISAIAtik ez dugu gure webgunean eskuragarri dauden fitxategien bestelako jarraipenik egiten, jaitsitako aldien kopurua baino ez dugulako neurtzen, baina bildutako datuak lagungarri zaizkigu paisaiaren arloko proiektuen interesa justifikatzeko. Eskerrak, hortaz, interfaze honen beste aldean zaudetenoi.

Bukatzeko, datu honek bestelako ikaskuntza garrantzitsua dakarkigu guztioi: bultzatu nahi duzun ekimenari ahalik eta oihartzun zabalena emateko modu eraginkorrena jendea ekimenaren partaide bihurtzea da. Azken batean, gertuen ukitu gaituenak piztuko du interes biziena gutako edozeinengan.

Baserri-paisaiei buruzko proiektuko dokumentazioa eskuragarri

PAISAIA-Ibiur-urtegia

Ibiurko urtegia. Egilea: Brian Cullen

Baserri-paisaien balioak aztertu dituen “Baserri-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko jarduerak” deritzon proiektuari buruzko dokumentazioa webgunean jarri dugu jaisteko moduan. Aurretik gure Scribd eta Issuuko kontuen bitartez eskuragarri jarrita genuen, eta orain webgunean ere baduzu.

Proiektua sustatu duten bederatzi Landa Garapen Elkarteek haien webguneetan dokumentuetako batzuk jarri dituzte eskuragarri, eta gurean dokumentu guztiak dituzu orri berean.

Baserri-paisaien balioak aztertu dituen lanari buruzko fitxa gure webguneko proiektuak deritzon atalean aurkituko duzu. Atal horretan proiektu bakoitzari buruzko deskribapen txiki bat duzu, baita proiektuari buruzko askotariko materialetara esteka zuzenak ere (dokumentazioa, argazkiak, berriak, ekimenak, eztabaida foroa, harpidetza). Baserri-paisaien proiektua gure webgunea martxan jarri aurretik burutu denez, ekimenak (partaidetza saioak) eta eztabaida foroa ez ditugu webgunearen bidez kudeatu.