Enpresaren izenak aditzera ematen duen moduan, gure laneko arlo nagusiak paisaiari lotuta daude. Beste profesional batzuk paisaiaren arkitekturan edo diseinuan jarduten diren bitartean, gure laneko esparrua paisaiaren plangintzarena da, eskala zabalagoa duena eta ikuspuntu estrategikoa.

PAISAIAren-laneko-arloakOndokoak dira gure lanaren ildo nagusiak:

  • Paisaien ezagutza, askotariko eskalatan eta ikuspegi desberdinetatik: udalerri mailako proiektuak, eskualde mailakoak eta Euskal Autonomia Erkidego osoa hartu dutenak (adibidez, EAEko Paisaia Berezi eta Aparten Katalogoa).
  • Paisaien babesa, kudeaketa eta antolamendua, Paisaiaren Europako Hitzarmenak termino hauek definitutako zentzuan, eskala diferenteetan ere: Euskal Autonomia Erkidego mailako proiektuen bidez (adibidez, EAEko Paisaiaren Lege-Proiektua idazteko aholkularitza teknikoa), eskualde edo lurralde historikoaren eskalako lanen bitartez (adibidez, Baserri-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko proiektua), nahiz udalerri mailako lanen bitartez (adibidez, Altzoko Nekazaritza eta Paisaia Babesteko Lur Hiritarrezinari dagokion Plan Berezia).
  • Partaidetza, paisaiaren politiken garapenari estuki lotua dagoena. Gure kasuan, bi bide erabili ditugu arlo hau lantzeko: partaidetza prozesu zabalak izan dituzten paisaiari buruzko proiektuak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 25 landa-eremuko udalerritako Tokiko Agenda 21eko prozesuak.
  • Miren-Askasibar-PAISAIAren-laneko-arloakBiodibertsitatea eta baliabide naturalen antolamendua, eta gai horien inguruko bestelako lanak. Kasu honetan ere eskala diferenteetan burututako proiektuak ditugu, udal mailatik hasi eta Euskal Autonomia Erkidego osoa hartu arte (adibidez, EAEko Biodibertsitatearen Ikerketarako Estrategia).
  • Komunikazioa, sentiberatzea, prestakuntza eta hezkuntza PAISAIAren laneko gaien inguruan. Gure laneko arloen inguruan argitalpenak, jardunaldiak, hitzaldiak eta ikastaroak prestatu ditugu enpresaren ibilbidearen hasieratik, txosten teknikoez gain gizarteari gai horien inguruko informazioa eskura jartzeko.

Laneko arlo horietan burutu ditugun proiektuak zehaztasunez ezagutu ditzakezu webgunean.