Partaidetza saioa bertan behera geratu da

Partaidetza saioa bertan behera geratu da

Partaidetza saioa atzeratu egin da, data berria zehaztu gabe

Partaidetza saioa bertan behera geratu da Lau Haizetako proiektuan. Ondorioz, bihar ez da saiorik izango Tomasene Kultur Etxean.

Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak hartutako erabakiaren arabera, partaidetza saioa atzeratu egingo da eta aurrerago zehaztuko da noiz ospatuko den. Bitartean, Casares Kultur Etxeko erakusketak jarraituko du.

Informazio osagarria aurki daiteke Ingurumen Sailaren webgunean.

Lau Haizetako Parkeko paisaiari buruz erakusketa eta partaidetza saioa

Lau Haizetako Parkeko paisaiari buruz erakusketa eta partaidetza saioa

Lau Haizetako Parkearen paisaiari buruzko erakusketa Casares Kultur Etxean. Egilea: Miren Askasibar

Lau Haizetako Parkeko paisaiari buruz erakusketa eta partaidetza saioa abian dira. Bi ekimen hauek Donostiako Udaleko Ingurumen Saila burutzen ari den Lau Haizetako Parkeak Donostian duen eremurako Paisaiaren Ekintza Planaren barruan ospatuko dira. Helburu nagusia Parkeko paisaiaren kalitatea hobetzea da.

Erakusketa Altzako Casares Kultur Etxean dago ikusgai pasa den apirilaren 26tik maiatzaren 3a arte ondoko ordutegian: 10.00 – 14.00 eta 16.00 – 20.30. Erakusketa honetako edukiek oraingoz landu den diagnostikoaren zirriborroaren laburpena osatzen dute.

Partaidetza saioa maiatzaren 3an ospatuko da, Altzako Tomasene Kultur Etxean, 18.30etan hasi eta 20.30ak arte. Partaidetza saioan paisaiaren diagnosia egingo da, paisaiaren kalitaterako helburuak finkatuko dira, eta helburu horiek lortzeko ekintza aproposak definituko dira.

Erakusketa ikustera gerturatzerik ez dutenek PDF formatuan kontsultatu ahal izango dituzte berau osatzen duten sei panelak, diagnostikoaren zirriborro batekin batera (azken hau gaztelaniaz soilik).

Bi ekimen hauei buruzko informazio osagarria dago eskuragarri.

GeoEuskadirako interes orokorreko mapak moldatzen

GeoEuskadirako-interes-orokorreko-mapak-moldatzen

Aralarko artzain txabola. Egilea: Miren Askasibar

GeoEuskadirako interes orokorreko mapak moldatzen ari gara urtearen hasieraz geroztik. Eusko Jaurlaritzak GeoEuskadi izeneko geoataritik erabiltzaileak EAEri buruzko hainbat mapa jaistea ahalbidetu nahi du, interes orokorreko gaiak bilduko dituztenak. Honela, EAEko eskualdeak, udalerriak, natur guneak eta abar irudikatzen dituzten mapa arinak eskura izan eta DIN-A4 formatuan inprimatu nahi dituen edonork PDF formatuan zuzenean jaisteko moduan izango ditu. Mapa bakoitzak idatzizko azalpen motz bat izango du, baita kartografiaren inguruan gogoeta egiteko gonbita ere.

HAZIk aldez aurretik prestatutako hainbat mapa hartu eta Vito021 diseinu grafikoko enpresarekin elkarlanean mapen edukiak eta alderdi grafikoa lantzen ari gara. Aurretik ere bi enpresak elkarlanean aritu izan gara kartografia eta datu espazialen azpiegituren arloan, eta poztekoa da berriz ere batera gai honetan aritzeko aukera izatea.

Proiektua amaitu eta mapak eskuragarri daudenean zabalduko dugu esteka hemendik ere.

Paisaiari buruzko bi sekuentzia didaktiko idazteko proiektua abian

Paisaiari-buruzko-bi-sekuentzia-didaktiko-idazteko-proiektua-abian

Errekastoa Lau Haizetako Parkean. Egilea: Miren Askasibar

Paisaiari buruzko bi sekuentzia didaktiko idazteko proiektua abian jarri dugu berriki. Eusko Jaurlaritzarentzat datorren hilabeteetan burutuko dugun proiektu honetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari (DBH) zuzendutako bi sekuentzia didaktiko diseinatuko ditugu. Oso pozik gaude aurretik Alkizan eta EAEko landa paisaien inguruan egindako proiektuetan ireki genuen paisaia-hezkuntzaren ildoan sakontzeko aukera izango dugulako.

Sekuentzia didaktiko bakoitza DBHko ziklo bati zuzenduko zaio, eta ikasleek paisaiaren kontzeptua landu eta beronen garrantziaz ohartzea izango dute helburu. Europako Paisaiaren Hitzarmenak paisaia honela definitu du: “lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natur edota giza faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza baita”. Definizio honek harremanetan jartzen ditu paisaiaren dimentsio subjektiboa eta dimentsio materiala, paisaiaren moldaketan pertsonen ekintzek duten garrantzia nabarmenduz. Hori dela eta, beharrezkoa suertatzen da pertsonak horretan heztea, paisaien balioez jabetu daitezen eta etorkizunean haien kudeaketan eta babesean inplikatu daitezen.

Lau Haizetako Parkeak Donostian duen eremuari buruzko Paisaiaren Ekintza Plana abian

Lau-Haizetako-Parkeak-Donostian-duen-eremuari-buruzko-Paisaiaren-Ekintza-Plana-abian

Lau Haizetako Parkea Kutarrotik. Egilea: Miren Askasibar

Lau Haizetako Parkeak Donostian duen eremuari buruzko Paisaiaren Ekintza Plana abian jarri dugu duela aste gutxi. Donostiako Udalarentzat 2015 eta 2016an zehar landuko dugu proiektu hau, eta horretarako udalak Paisaiaren Ekintza Planak osatzeko Eusko Jaurlaritzako laguntza jaso du.

Lau Haizetako Parkeak 602 hektarea ditu, hiru udalerritan banatuta: Donostia (297 hektarea), Errenteria (207 hektarea) eta Astigarraga (98 hektarea). Gure proiektuan Donostiako udalerriaren barruan dagoen eremua hartuko dugu kontuan, eta badugu aurrekari bat: PAISAIAk 2007an Errenteriako Udalarentzat burututako lana, “Errenteriako udalerriaren barruan Lau Haizeta parkean paisaia antolatzeko proposamena” izenekoa.

Lau Haizetako Parkeak Donostian duen eremuari buruzko Paisaiaren Ekintza Planak paisaiaren diagnostikoa, paisaiaren kalitatearen gaineko helburuak eta helburu horiek lortzeko ekintzen sorta bat izango ditu. Hori guztia prestatzeko herritarren partaidetza txertatuko dugu, zenbait partaidetza-saio eta bestelako ekimenekin.

Paisaia plazara

Natur Zientzien 2. Topaketa. Landa paisaien eztabaida-saioa. Miren Askasibar gidari

Natur Zientzien 2. Topaketa. Landa paisaien eztabaida-saioa. Miren Askasibar gidari. Egilea: UEU

Paisaia plazara atera behar dela dakigulako, PAISAIAn beti gaude gure lan esparruko gaiei buruz sentiberatze eta prestakuntza jarduerak egiteko prest. Paisaiaren politikek eta ezagutzak aurrera egingo badute, ezinbestekoa da gizarteratze lanak egitea. Batzuetan hilabeteak ematen ditugu horretarako aukerarik gabe, eta beste batzuetan, orain bezala, denbora gutxian pilatzen zaizkigu ekitaldiak.

EuskalHiria 2015 Kongresuaren itxierako mahai-inguruan Miren Askasibar parte-hartzaile. Egilea: Eusko Jaurlaritza

Azken boladan, Eusko Jaurlaritzak antolatutako EuskalHiria Kongresua itxi duen mahai-inguruan parte hartu dugu; UEUk antolatutako Natur Zientzien 2. Topaketan eztabaida-saio bat gidatu dugu landa-paisaien inguruan, horretan gogotsu aritu diren hogei bat lagunen partaidetzarekin; eta Itziarko Auzo Udalak antolatutako Udazken Kulturalaren baitan herri txikietako paisaien erronka eta ekimenen inguruko saio bat antolatu dugu ere.

Alkizako baserri-paisaien ibilbideko baliabideak eskuragarri

Alkizako-baserri-paisaien-ibilbideko-baliabideak-eskuragarri

SL Gi-6 Aginagako bidean jarritako Bipagoetako panela. Egilea: Miren Askasibar

Alkizako baserri-paisaien ibilbideko baliabideak eskuragarri daude gure webgunean, Alkizan ospatutako irekiera ekitaldiaren ondoren. Ibilbide honi buruzko informazioa Fagus Alkiza webgunean eta TOLOMENDIren webgunean ere izango da eskuragarri, baita eskualdeko beste erakunde batzuen webguneetan ere.

Ibilbidearen irekiera ekitaldiak oihartzuna izan du hainbat hedabidetan, hala nola, Tolosaldeko Atarian, Diario Vascon irekieraren aurretik  eta ondoren edo Noticias de Gipuzkoan. Eskualdeko 28 Kanalak ere jaso du ibilbidearen berri jarraian ikus daitekeen bideoan. Argitu beharra dago bideo honetan erakusten den seinaleztapena izan dela, hain zuzen ere, proiektu honek berritu duena.

Proiektu honen jatorria aurretik landutako baserri-paisaia atlantikoen proiektuan dago. Proiektu hartan eskualde guztietan proposatu zen baserri-paisaiez gozatzeko aproposenak diren ibilbideak identifikatzea, eta ibilbide horiek balioan jartzea, gizarte guztia baserriak sortu eta mantendutako paisaien balioez sentiberatzeko. Alkizakoa ildo horretan prestatutako lehen ibilbidea da, eta Tolosaldean nahiz beste eskualdeetan bestelako baserri-paisaiak zeharkatzen dituzten ibilbideetan antzeko ekimenak zabaltzeko asmoa dago.

Kataluniako paisaiei buruzko argitalpena eskuragarri

Kataluniako-paisaiei-buruzko-argitalpena-eskuragarri

Ara egunkaria. Iturria: ara.cat

Kataluniako paisaiei buruzko argitalpena eskuragarri dagoela adierazi du aste honetan bertako Kataluniako Paisaiaren Behatokiak. Ara egunkariak pasa den martxoaren 15ean plazaratutako 10 orrialdetako atal berezia da, paisaiaren inguruko monografikoa osatu duena.

Monografikoaren 13 artikuluek paisaia hainbat gairekin lotu dute: ondarea, ongizatea eta osasuna, turismoa, sukaldaritza, demokrazia, literatura, hezkuntza, artea eta jarduera ekonomikoak. Horrez gain, paisaiaren kontserbaziorako nazioarteko eta Kataluniako ekimenen berri ematen du, Zerdaniako paisaien inguruko erreportajea dakar, krisiak paisaien gain izan duen eragina aztertzen du, eta Paisaien Katalogoen egoera azaltzen du modu eskematikoan.

Gainean ditugun oporretan atseginez irakurtzeko modukoa, eta doan eskura daiteke, gainera.

Alkizako proiektuko materialak ia prest

Alkizako-proiektuko-materialak-ia-prest

Alkizako baserri-paisaien ibilbideko baserrietako bat. Egilea: Miren Askasibar

Alkizako proiektuko materialak ia prest daude, eta otsailaren amaieran bertatik bertara ikusteko moduan egongo dira. SL Gi-6 Aginagako bidearen inguruan Alkizako baserri-paisaien inguruan Udalak eta TOLOMENDIk sustatuta PAISAIAtik sortu ditugun materialak ondokoak dira:

  • Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako jarduera didaktikoak. Orain arte beste proiektu batzuetan landu ditugunetatik nahiko diferenteak dira hauek, eta laster jakingo da zer nolako harrera duten Alkizara bisitan datozen eskolen artean.
  • Alkizako udaletxean dagoen Fagus Alkiza interpretazio zentroan kokatuko den baserri-paisaiei buruzko modulu bat. Moduluak baserri-paisaien eboluzioari buruzko informazioa emango du, bai EAE mailan, baita Alkizako baserri-paisaien dagokienez ere.
  • Bi informazio-panel, bata herriko plazan, eta bestea ibilbidean zehar.
  • Ibilbideko seinaleztapena eta, horrekin batera, seinaleetan izango diren QR kodeen bitartez egin ahal izango diren hainbat jardueren proposamena. Jarduera horiek baserri-paisaien inguruan gogoeta egiteko helburua izango dute.

Alkizako Udalak materialak tokian jartzen dituenean emango dizuegu horien inguruko berri gehiago hemendik.

2014an izan zitekeen baina izan ez zena

2014an-izan-zitekeen-baina-izan-ez-zena

Cristina-Enea parkea, Donostia. Egilea: Miren Askasibar

PAISAIArentzat 2014an izan zitekeen baina izan ez zena aipatu nahi genuke, urtea bukatu berri denean. Aholkularitzan lan egiten dugunok denbora asko eman ohi dugu proiektuei buruzko proposamenak lantzen, lehiaketak eta eskaintzak direla eta. Proposamen horietako batzuk aurrera egiten dute, eta beste batzuk ez. Frustrazioa kudeatzen eskarmentua dugula esan daiteke, orduan.

Normalean burutu diren ekimenen berri emateko ohitura dago, baina bidean geratu diren ideiek ere merezi dute txoko bat. Proposamen horiek aurrera egin ez izanaren arrazoiak askotarikoak dira: batzuetan ez dira nahikoa onak izan, beste batzuetan, aldiz, arrazoi ekonomikoak direla eta atzean geratu dira.

Beste batzuei egokituko zaie Nafarroako paisaia berezi eta aparten inguruko kartografian urrats bat ematea, edo Gasteizko azpiegitura berdea eta paisaia udal araudian txertatzea. Errenterian paisaiaren ekintza plan baten proposamena lantzeko udalak eskua luzatu zigun arren, gai zehatz hura gure trebezietatik urrunegi geratzen zela irudituta, penaz ezezkoa esan genion.

Oraingoan aurrera atera ez, baina agian etorkizunean landu ahal izango ditugunen artean, beste udal bateko paisaiaren ekintza plana, eta biodibertsitatearen arloko ekimen baten jarraipena eta komunikazioa aipatuko ditugu.

Aurten ere denetarik izango da, seguruenik, eta hementxe jarraituko dugu, lanerako prest.

Baserri-paisaia atlantikoen proiektuko argitalpenen arrakasta

Baserri-paisaia-atlantikoen-proiektuko-argitalpenen-arrakasta

Irunaga baserriko gaina, Bedaio. Egilea: Iker Karrera

Baserri-paisaia atlantikoen proiektuko argitalpenen arrakasta nabarmena izan da. Izan ere, PAISAIAren webgunean proiektu horri buruzko dokumentazioa jaisteko moduan jarri genuenetik hilabete gutxi pasa badira ere, orain arte 2 262 aldiz jaitsi dira guztira dokumentuak. Kontuan izan behar da dokumentu horiek proiektua sustatu zuten bederatzi Landa Garapen Elkarteen webguneetan daudela eskuragarri ere, baita PAISAIAren Issuu eta Scribd kontuetan ere.

Paisaiari buruzko kontuak publiko zabalaren interesekoak direla frogatzen du horrek, are gehiago, dokumentu gehienak euskaraz soilik eskuragarri daudela gogoan izanda.

PAISAIAtik ez dugu gure webgunean eskuragarri dauden fitxategien bestelako jarraipenik egiten, jaitsitako aldien kopurua baino ez dugulako neurtzen, baina bildutako datuak lagungarri zaizkigu paisaiaren arloko proiektuen interesa justifikatzeko. Eskerrak, hortaz, interfaze honen beste aldean zaudetenoi.

Bukatzeko, datu honek bestelako ikaskuntza garrantzitsua dakarkigu guztioi: bultzatu nahi duzun ekimenari ahalik eta oihartzun zabalena emateko modu eraginkorrena jendea ekimenaren partaide bihurtzea da. Azken batean, gertuen ukitu gaituenak piztuko du interes biziena gutako edozeinengan.

Zorionak eta Urte Berri On!

Zorionak eta Urte Berri On opa nahi dizu PAISAIAk “gami” honen bitartez. Datorren urtean ere hementxe izango gaituzue, paisaiari eta gai batzuei buruz lanean buru belarri.

Bestalde, “gamiak” lanerako erabilgarri izan daitezkeela iruditu zaigu, adibidez, aurkezpen bati sarrera diferentea egiteko, partaidetza prozesuetan iritziak modu sintetikoan adierazteko eta abar.

Alkizako baserri-paisaien ibilbideko edukiak

alkizako-baserri-paisaien-ibilbideko-edukiak

Ibilbidearen ertzeko larrea. Egilea: Miren Askasibar

Alkizako baserri-paisaien ibilbideko edukiak lantzen ari gara orain. Alkizako Udalarekin eta Tolomendirekin adostu dugu zeintzuk izango diren SL Gi-6 Aginagako bidea izena duen paisaia-ibilbiderako sortuko ditugun materialetarako edukiak.

Ibilbide horri buruz dakizuna gurekin parteka dezakezu, ireki dugun eztabaida foroa erabilita.

Ibilbidean zehar bi panel jarriko dira, ibilbideari buruzko oinarrizko informazioa eta baserri-paisaien balioak azalduko dituztenak. Bestetik, Fagus Alkiza interpretazio-zentroan paisaia-ibilbide honi buruzko modulu bat jarriko da. Modulu honek baserri-paisaien eboluzioari, baserritarrek paisaia mota honen balioak sortzen eta mantentzen egiten duten lan garrantzitsuari, eta gutako bakoitzak baserri-paisaiak kontserbatzeko egin dezakeenari buruzko informazioa izango du.

Ibilbidean zehar, QR kodeen bitartez, baserri-paisaiak behatzeko eta horien inguruan gogoeta egiteko balioko duten hainbat jarduera motz proposatuko zaizkio oinezkoari, paisaia “irakurtzeko” astia har dezan.

Azkenik, Fagus Alkiza interpretazio-zentroak eskolak erakarriko dituenez, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara zuzendutako jarduera didaktikoen sorta prestatuko dugu. Ingurumen-hezkuntzarena PAISAIArentzat lan ildo berria da; baserri-paisaiak balioan jartzeko proiektuan hasi ginen paisaiaren inguruan jarduera didaktikoak diseinatzen, eta Alkizako proiektu honetan bide horretan jarraituko dugu. Etorkizunean zeharo garrantzitsua iruditzen zaigun arlo horretan aritzeko aukera izatea espero dugu, hortaz.

Urtea bukatu aurretik ibilbiderako interpretazio-material guztiak prest egongo dira, eta hemendik eskura jarriko dizkizuegu.

Zeintzuk dira partaidetzaren gakoak?

Partaidetzaren gakoak hitz gutxitan azaltzea ez da erraza, egia esan. Zortzi minutu pasa dituen hitzaldi honetan Nabeel Hamdiren eskutik horietako asko ezagutu ahal izango dituzu (hitzaldia ingelesez dago eskuragarri soilik).

Nabeel Hamdi arkitektoa garatzeko bidean dauden herrialdeetan hirigintzan aritu den aditua da, eta ikuspegi horretatik aurkezten du bere hitzaldia, baina berak esandakoaren muina partaidetzan oinarritutako edozein proiektutan aplikatzeko modukoa da, dudarik gabe.

PAISAIAren berrietara harpidetzea: kategoriak nola aukeratu

PAISAIAren-berrietara-harpidetzea

Lau Haizetako Parkean San Marko, Errenteriatik ikusita. Egilea: Onintza Andrés

PAISAIAren berrietara harpidetzea burutzean, argitaratutako berriak harpidetza aurreratuaren bitartez jasotzeko izena ematen baduzu, berriak sailkatzeko erabili ditugun kategorien artean aukeratu ahal izango duzu, gai horien inguruko berriak soilik jasotzeko.

Kategoriak aukeratzea errazteko, berriak nola sailkatuko ditugun azalduko dizugu jarraian. PAISAIAren lan bakoitzari kategoria bana emango diogu; hortaz, gure proiektu jakin bati buruzko berriak jaso nahi badituzu, proiektuaren izena duen kategoria aukeratu beharko duzu. Batzuetan azpi-kategoriak erabiliko ditugu; adibidez, baserri-paisaien balioen inguruan duela hilabete batzuk bukatutako proiektua bederatzi eskualdetan landu da, eta eskualde horietako bakoitzak azpi-kategoria bat osatzen du “Baserri-paisaien balioak” kategoria orokorraren barruan. Kasu horretan, baserri-paisaien balioei buruzko proiektuaren berri guztiak jaso nahi izanez gero, “Baserri-paisaien balioak” kategoria orokorraren laukitxoa markatzearekin nahikoa litzateke, eta proiektu horren barruan Debabarrenako eskualdeko berriak bakarrik jaso nahi izanez gero, “Debabarrena” izeneko azpi-kategoriaren laukitxoa markatuko litzateke soilik.

PAISAIAren proiektuekin zuzenean erlaziorik ez duten berriak, aldiz, “Bestelako berriak” deritzon kategorian jasoko dira. Berri horiek askotarikoak izan daitezke: beste erakunde batzuk egindako lanei buruzkoak, administrazio publikoen ekimen eta laguntzei buruzkoak, edo PAISAIA enpresari buruzkoak (adibidez, webgunearen ingurukoak). Kategoria horretara harpidetu denak proiektu berri bat abian jartzen dugunean berri bat jasoko du, sortuko den kategoria berri horretara hapidetu nahi badu horrela egin ahal izan dezan.

PAISAIAko berriak: zer, non eta noiz argitaratuko dugun

PAISAIA-euskal-kostaldeko-geoparkea

Algorriko muturra, Zumaia. Egilea: Miren Askasibar

PAISAIAko berriak zer nolakoak izango diren, berri horiek non argitaratuko ditugun eta gutxi gorabehera zer maiztasunarekin egingo dugun azaldu nahi dizugu.

PAISAIAko berriak: zer motatakoak?

Lehenik eta behin, PAISAIAko berriak gure laneko arloei lotuta egongo dira beti. Gure proiektuei buruzko berriak zabalduko ditugu gehienbat; proiektu berri bati ekin diogula, dokumentazioa eskuragarri dagoela, ekimenen bat antolatu dugula, proiektuari lotutako deialdi bat ireki dela eta abar.

Noizean behin bestelako berriak ere argitaratuko ditugu, gure bezeroen eta proiektuetan parte hartzen duten pertsonentzat interesgarri izango direlakoan. Berri horiek askotarikoak izan daitezke: beste erakunde batzuk egindako lanei buruzkoak, administrazio publikoen ekimen eta laguntzei buruzkoak, edo PAISAIA enpresari buruzkoak. Edonola ere, ezinezkoa zaigu gure laneko arloen inguruan sortzen diren gai interesgarri guztien berri ematea, PAISAIAk ez baitu denborazko baliabiderik horretara emateko.

Non zabalduko ditugu berriak?

Berriak gure webgunean horri eskainitako atalean argitaratuko ditugu. Horrez gain, gure Facebook, Google+,Twitter, eta LinkedIn kontuetan berri bakoitzaren esteka zabalduko dugu. Hortaz, aipatutako sare sozial horien erabiltzailea bazara, berriak e-postaz jasotzeko harpidetu beharrean zuzenean sare sozialetatik jarraitu ditzakezu. Pantailaren goian, eskuinean dituzu sare sozialetako gure kontuetara estekak dituzten ikonoak, eta jarraian dituzu eskura ere:

PAISAIAren Facebook kontua

PAISAIAren Google+ kontua

PAISAIAren Twitter kontua

PAISAIAren LinkedIn kontua

Bestetik, jakin ezazu gure proiektuei lotutako argazkiak gure Flickr kontuan daudela eskuragarri. Beste berri batean hitz egin dugu gure Flickr kontuko irudiei buruz.

Zer nolako maiztasuna izango dute berriek?

“Bestelako berriak” aldian behinekoak izango dira, aurretik azaldutako arrazoiak direla eta. Proiektuen ingurukoek maiztasun aldakorra izango dute, lan bakoitzaren arabera. Orokorrean, partaidetza prozesuak dituzten proiektuetan berri gehiago sortuko dira, bilera irekien deialdiak, dokumentazioaren zirriborroen argitalpena eta antzekoak zabalduko ditugulako. Beste proiektu batzuk, aldiz, ez dute ia berririk izango.

PAISAIAko berrien irudiak: iturria, egileak eta baimenak

PAISAIAko-berrien-irudiak

Plazaolako Bide Berdean Leitzaran ibaia. Egilea: Ainara Flores

PAISAIAko berrien irudiak gure enpresaren Flickr-eko kontutik hartuak dira. Berriek dituzten irudietan klik eginez gero, Flickr kontuko argazkira joango zara. Bertan argazkia jaitsi ahal izango duzu, adibidez.

PAISAIAren Flickr kontuan dauden argazkietako batzuk guk ateratakoak dira, eta beste batzuk gure proiektuetan parte hartu duten pertsonek bidalitakoak dira. Argazkiak erabiltzen ditugunean beti adierazten dugu egilearen izena, eta PAISAIAko berrien irudiak Creative Commons Aitortzea – Merkataritzakoa ez – Lan eratorririk gabe 4.0 Nazioartekoa baimenaren menpe daude, enpresaren webguneko eduki batzuk bezala. Horrek esan nahi du libre zarela irudiak erabiltzeko, beti ere egiletza modu egokian aitortzen baduzu, irudiaren erabilera merkataritzakoa ez den bitartean, eta irudia eraldatzen ez den bitartean.

PAISAIAren webguneko edukien artean baimen horren menpekoak zeintzuk diren jakin nahi baduzu, irakur ezazu gure lege-oharra.

 

Alkizako SL Gi-6 Aginagako bidea

SL Gi-6 Aginagako bidea Alkizan jada homologatua dagoen ibilbidea da. PAISAIAk argitaratzen dituen berrien atalean azaldu dugu hasi berria dugula lan bat, Alkizako baserri-paisaien ibilbide hori balioan jartzeari buruzkoa. Bere garaian Tolosaldea Tour erakundeak prestatu zuen ibilbideko seinaleztapena, eta mezu hau argitaratzeko momentuan Tolosaldea Tourreko webgunean egun ez da SL-Gi 6 Aginagako bideari buruzko informaziorik eskaintzen.

Hala ere, interneten badago ibilbideari buruzko informazio interesgarria, hala nola, 28 Kanalako Walker programaren saioetako bat, ibilbide honi buruzkoa dena. Zoritxarrez, eguraldi txarra izan zuten ibilbidea egin zuten egunean, baina hala ere interesgarria da. Hementxe duzu:

PAISAIAren berrien hizkuntzari buruzko oharra

PAISAIAren-berrien-hizkuntzari-buruz

Partaidetza foroa Zarautzen. Egilea: Miren Askasibar

PAISAIAk bere proiektuei buruz argitaratutako berrietan proiektua burutzen deneko hizkuntza edo hizkuntzak erabiliko ditu (euskara eta/edo gaztelania). Proiektu bat osotasunean hizkuntza bakarrean landu bada, berri batzuk beste hizkuntzan argitaratuko ditugu ere, proiektuaren mugarri garrantzitsuenak beste hizkuntzan ere komunikatzen direla bermatzeko. Orain arte PAISAIAk burututako proiektuen artean batzuk euskara soilean landu direnez, elebiduna bazara hobe duzu berriak euskaraz kontsultatzea. Erabat elebidunak diren proiektuetan, berri bakoitza bi hizkuntzetan argitaratzeko ahaleginak egingo ditugu.

Baserri-paisaiei buruzko proiektuko dokumentazioa eskuragarri

PAISAIA-Ibiur-urtegia

Ibiurko urtegia. Egilea: Brian Cullen

Baserri-paisaien balioak aztertu dituen “Baserri-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko jarduerak” deritzon proiektuari buruzko dokumentazioa webgunean jarri dugu jaisteko moduan. Aurretik gure Scribd eta Issuuko kontuen bitartez eskuragarri jarrita genuen, eta orain webgunean ere baduzu.

Proiektua sustatu duten bederatzi Landa Garapen Elkarteek haien webguneetan dokumentuetako batzuk jarri dituzte eskuragarri, eta gurean dokumentu guztiak dituzu orri berean.

Baserri-paisaien balioak aztertu dituen lanari buruzko fitxa gure webguneko proiektuak deritzon atalean aurkituko duzu. Atal horretan proiektu bakoitzari buruzko deskribapen txiki bat duzu, baita proiektuari buruzko askotariko materialetara esteka zuzenak ere (dokumentazioa, argazkiak, berriak, ekimenak, eztabaida foroa, harpidetza). Baserri-paisaien proiektua gure webgunea martxan jarri aurretik burutu denez, ekimenak (partaidetza saioak) eta eztabaida foroa ez ditugu webgunearen bidez kudeatu.

Biodibertsitatearen galeraren inguruko galdeketa Europan

PAISAIA-orkidea-larrean

Orkidea Alkizako larre batean. Egilea: Miren Askasibar

Europako Batzordeak bere Biodibertsitatearen estrategiaren baitan galdeketa bat zabaldu du Biodibertsitatearen eta Ekosistemen Zerbitzuen Galera Garbirik Ez ekimenaren inguruan. Urriaren 14a arte eman ahal izango duzu zure iritzia biodibertsitatearen galeraren inguruko galdeketa honetan. Galdeketa ingelesez dela kontuan izan.

Paisaiarako ekintza planak prestatzeko laguntzak

Paisaiarako-ekintza-planak-prestatzeko-laguntzak

Iraeta, Zestoa. Egilea: Miren Askasibar

Paisaiarako ekintza planak prestatzeko laguntzak eskatzeko epea ireki berria da. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi indarrean sartu den paisaiari buruzko dekretua argitaratu duela jaso dugu gure berrien artean. Dekretua indarrean sartu ondoren, Eusko Jaurlaritzak udalek paisaiarako ekintza planak prestatzeko laguntzak eskatzeko deialdia ireki du gaur. Paisaiaren ekintza planak aipatutako dekretuan jasotako tresnetako bat dira, gune baten paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko ekintzak zehazteko balioko dutenak.

Eskaerak egiteko hilabeteko epea dute udalek. Udal bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du, eta ekintza planak gehienez 30.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du (paisaiaren ekintza plana idazteko lanen kostuaren %90a).

“Baserri-paisaien ibilbidea Alkizan” proiektua abian da

PAISAIA-landa-eremuko-ibilbidea-Alkizan

Alkizako landa-paisaia. Egilea: Miren Askasibar

Alkizako udalarentzat hasi berria dugu udalerriko baserri-paisaiak zeharkatzen dituen ibilbidearen paisaia-balioak agerian jartzeko proiektua.

2013an “Baserri-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko jarduerak” izeneko proiektua bukatu genuen EAEko bederatzi eskualdetan, Tolosaldea barne. Lan horren ondorioen artean ondokoak daude: baserri-paisaiez eta haien balioez gozatzea ahalbidetuko duten ibilbideak identifikatu eta balioan jartzeko beharra, eta gizartea lehen sektoreak landa-paisaiak sortzen eta mantentzen betetzen duen paper garrantzitsuaz sentiberatzeko beharra.

Alkizan hasi berri dugun proiektua helburu horiek betetzeko ibilbide bat balioan jartzeari buruzkoa da.

Donostia ikustezinak

Italo Calvinoren obra ezagunaren izenburua gurera ekarrita bideo bat dakarkizugu, egileak “Donostia through mirror” izena eman dion arren.

Donostiako Sustapenak antolatutako “Film in San Sebastian 2013” Lehiaketan parte hartu du, Mikel Yarza Muguerzarena da eta Epaimahaiaren Saria irabazi du. Ispiluak erabilita paisaia fantastikoak sortu ditu bere laburmetraian, Donostia ikustezinak izan litezkeenak, benetan merezi dutenak. On egin!