Alkizako baserri-paisaien ibilbideko baliabideak eskuragarri

Alkizako-baserri-paisaien-ibilbideko-baliabideak-eskuragarri

SL Gi-6 Aginagako bidean jarritako Bipagoetako panela. Egilea: Miren Askasibar

Alkizako baserri-paisaien ibilbideko baliabideak eskuragarri daude gure webgunean, Alkizan ospatutako irekiera ekitaldiaren ondoren. Ibilbide honi buruzko informazioa Fagus Alkiza webgunean eta TOLOMENDIren webgunean ere izango da eskuragarri, baita eskualdeko beste erakunde batzuen webguneetan ere.

Ibilbidearen irekiera ekitaldiak oihartzuna izan du hainbat hedabidetan, hala nola, Tolosaldeko Atarian, Diario Vascon irekieraren aurretik  eta ondoren edo Noticias de Gipuzkoan. Eskualdeko 28 Kanalak ere jaso du ibilbidearen berri jarraian ikus daitekeen bideoan. Argitu beharra dago bideo honetan erakusten den seinaleztapena izan dela, hain zuzen ere, proiektu honek berritu duena.

Proiektu honen jatorria aurretik landutako baserri-paisaia atlantikoen proiektuan dago. Proiektu hartan eskualde guztietan proposatu zen baserri-paisaiez gozatzeko aproposenak diren ibilbideak identifikatzea, eta ibilbide horiek balioan jartzea, gizarte guztia baserriak sortu eta mantendutako paisaien balioez sentiberatzeko. Alkizakoa ildo horretan prestatutako lehen ibilbidea da, eta Tolosaldean nahiz beste eskualdeetan bestelako baserri-paisaiak zeharkatzen dituzten ibilbideetan antzeko ekimenak zabaltzeko asmoa dago.

Alkizako proiektuko materialak ia prest

Alkizako-proiektuko-materialak-ia-prest

Alkizako baserri-paisaien ibilbideko baserrietako bat. Egilea: Miren Askasibar

Alkizako proiektuko materialak ia prest daude, eta otsailaren amaieran bertatik bertara ikusteko moduan egongo dira. SL Gi-6 Aginagako bidearen inguruan Alkizako baserri-paisaien inguruan Udalak eta TOLOMENDIk sustatuta PAISAIAtik sortu ditugun materialak ondokoak dira:

  • Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako jarduera didaktikoak. Orain arte beste proiektu batzuetan landu ditugunetatik nahiko diferenteak dira hauek, eta laster jakingo da zer nolako harrera duten Alkizara bisitan datozen eskolen artean.
  • Alkizako udaletxean dagoen Fagus Alkiza interpretazio zentroan kokatuko den baserri-paisaiei buruzko modulu bat. Moduluak baserri-paisaien eboluzioari buruzko informazioa emango du, bai EAE mailan, baita Alkizako baserri-paisaien dagokienez ere.
  • Bi informazio-panel, bata herriko plazan, eta bestea ibilbidean zehar.
  • Ibilbideko seinaleztapena eta, horrekin batera, seinaleetan izango diren QR kodeen bitartez egin ahal izango diren hainbat jardueren proposamena. Jarduera horiek baserri-paisaien inguruan gogoeta egiteko helburua izango dute.

Alkizako Udalak materialak tokian jartzen dituenean emango dizuegu horien inguruko berri gehiago hemendik.

Alkizako baserri-paisaien ibilbideko edukiak

alkizako-baserri-paisaien-ibilbideko-edukiak

Ibilbidearen ertzeko larrea. Egilea: Miren Askasibar

Alkizako baserri-paisaien ibilbideko edukiak lantzen ari gara orain. Alkizako Udalarekin eta Tolomendirekin adostu dugu zeintzuk izango diren SL Gi-6 Aginagako bidea izena duen paisaia-ibilbiderako sortuko ditugun materialetarako edukiak.

Ibilbide horri buruz dakizuna gurekin parteka dezakezu, ireki dugun eztabaida foroa erabilita.

Ibilbidean zehar bi panel jarriko dira, ibilbideari buruzko oinarrizko informazioa eta baserri-paisaien balioak azalduko dituztenak. Bestetik, Fagus Alkiza interpretazio-zentroan paisaia-ibilbide honi buruzko modulu bat jarriko da. Modulu honek baserri-paisaien eboluzioari, baserritarrek paisaia mota honen balioak sortzen eta mantentzen egiten duten lan garrantzitsuari, eta gutako bakoitzak baserri-paisaiak kontserbatzeko egin dezakeenari buruzko informazioa izango du.

Ibilbidean zehar, QR kodeen bitartez, baserri-paisaiak behatzeko eta horien inguruan gogoeta egiteko balioko duten hainbat jarduera motz proposatuko zaizkio oinezkoari, paisaia “irakurtzeko” astia har dezan.

Azkenik, Fagus Alkiza interpretazio-zentroak eskolak erakarriko dituenez, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara zuzendutako jarduera didaktikoen sorta prestatuko dugu. Ingurumen-hezkuntzarena PAISAIArentzat lan ildo berria da; baserri-paisaiak balioan jartzeko proiektuan hasi ginen paisaiaren inguruan jarduera didaktikoak diseinatzen, eta Alkizako proiektu honetan bide horretan jarraituko dugu. Etorkizunean zeharo garrantzitsua iruditzen zaigun arlo horretan aritzeko aukera izatea espero dugu, hortaz.

Urtea bukatu aurretik ibilbiderako interpretazio-material guztiak prest egongo dira, eta hemendik eskura jarriko dizkizuegu.

Alkizako SL Gi-6 Aginagako bidea

SL Gi-6 Aginagako bidea Alkizan jada homologatua dagoen ibilbidea da. PAISAIAk argitaratzen dituen berrien atalean azaldu dugu hasi berria dugula lan bat, Alkizako baserri-paisaien ibilbide hori balioan jartzeari buruzkoa. Bere garaian Tolosaldea Tour erakundeak prestatu zuen ibilbideko seinaleztapena, eta mezu hau argitaratzeko momentuan Tolosaldea Tourreko webgunean egun ez da SL-Gi 6 Aginagako bideari buruzko informaziorik eskaintzen.

Hala ere, interneten badago ibilbideari buruzko informazio interesgarria, hala nola, 28 Kanalako Walker programaren saioetako bat, ibilbide honi buruzkoa dena. Zoritxarrez, eguraldi txarra izan zuten ibilbidea egin zuten egunean, baina hala ere interesgarria da. Hementxe duzu:

“Baserri-paisaien ibilbidea Alkizan” proiektua abian da

PAISAIA-landa-eremuko-ibilbidea-Alkizan

Alkizako landa-paisaia. Egilea: Miren Askasibar

Alkizako udalarentzat hasi berria dugu udalerriko baserri-paisaiak zeharkatzen dituen ibilbidearen paisaia-balioak agerian jartzeko proiektua.

2013an “Baserri-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko jarduerak” izeneko proiektua bukatu genuen EAEko bederatzi eskualdetan, Tolosaldea barne. Lan horren ondorioen artean ondokoak daude: baserri-paisaiez eta haien balioez gozatzea ahalbidetuko duten ibilbideak identifikatu eta balioan jartzeko beharra, eta gizartea lehen sektoreak landa-paisaiak sortzen eta mantentzen betetzen duen paper garrantzitsuaz sentiberatzeko beharra.

Alkizan hasi berri dugun proiektua helburu horiek betetzeko ibilbide bat balioan jartzeari buruzkoa da.